Miren Odriozola Uzkudun

ekintzailea, Azpeitian (Gipuzkoa) 1944an jaioa

Miren Odriozola Uzkudun (Azpeitia, Gipuzkoa, 1944ko urtarrilaren 28a), ezizenez Laura, ekintzailea da. Gaur egun Euskal Herriko mugimendu feministan dihardu; lehenago, sindikalista, ETAko kide (frankismo garaian), FMLN gerrillarekin internazionalista[1] eta Udalbiltzako partaide izan da.[2][3]

Miren Odriozola Uzkudun

Miren Odriozola Uzkudun, 2017an
Bizitza
Jaiotzako izen-deiturakMiren Odriozola Uzkudun
JaiotzaAzpeitia1944ko urtarrilaren 28a (80 urte)
Herrialdea Gipuzkoa, Euskal Herria
Jarduerak
Jarduerakekintzailea

Bizitza

aldatu

Azpeitiko Gerraundi baserrian jaio zen, Landeta auzoan, beste sei anai-arrebekin batera. Ama, Encarnacion Uzkudun Oiarzabal, Errezilgo Gurutzaga baserrikoa zen, eta osaba zuen Paulino Uzkudun boxeolari ospetsu eta gerora falangista izandakoa. Mirenen aita, Jose Ramon Odriozola Alberdi, eta osaba bat, Inazio Odriozola Alberdi, Gerra Zibilean Francoren tropen aurka aritu ziren borrokatzen.[4] Jose Ramon, aita, Euzko Gudarostean parte hartzeagatik heriotza-zigorra ezarrita eta guda amaitu arte kartzelaratua izan zen eta gerra ostean ere, auzokide baten salaketagatik berriz ere preso hartu eta lan behartuak egitera kondenatua izan zen. Guzti horrek, gerora eragin nabarmena izan zuen Mirenenengan.[2][3]

Txikitan frankismo betean baserrian hezia, 12 urterekin Urrestillako eskolan egin zituen lehen ikasketak eta urte bat beranduago, auzoko haurren artean klaseak ematen hasi zen Azpeitiko udalaren eskariz. 7 urtez jardun zuen irakasle lanetan, lehendabizi auzoko eskolako lokalean eta ondoren baserriko ganbaran. Urte haietan zehar frankismoaren eraginak eta etxean jasotzen zuen abertzaletasunak bere ibilbidea markatu zuen eta 16 urterekin, Baserri Gaztedi, Herri Gaztedia eta Euskal Herriaren aldeko mugimenduetan parte hartzen hasi zen.[2]

1970. hamarkadaren hasieran Sestaora joan zen bizitzera, bertan Sarrikoko ekonomia fakultatean sozialismoa eta teoria marxistetan sakontzeko asmotan. Frankismo garai betean oraindik, mugimendu politiko eta sozial askoren garaia zen. Unibertsitateak ezkerreko ideologietan sakontzeko biderik uzten ez zionez eta mugimendu batean parte hartzeko irrikaz zebilenez, ETAren fronte kulturalean militatzen hasi zen. Bilboko hainbat auzotan Euskal Herriko historia, klaseen arteko borroka edota marxismoaz hitzaldi klandestinoak ematen hasi zen.[2]

1972ko abuztuan, Deuston atxilo hartu zuten ehundik gora atxilotu egon ziren polizia operazio baten ostean. 3 urte igaro zituen hainbat gartzelatan (Basauri, Carabanchel, Alcalá Henares…), tartean Paulino Uzkudunen bisita ere jaso zuen Alcaláko gartzelan, bere influentzia eta hainbat baldintza onartuta gartzelatik ateratzeko promesarekin. Mirenek ez zituen onartu eta 1975eko urtarrilean atera zen kondena osoa beteta.[1][2]

Berriz askatasunean, Usurbilgo eskolan irakasle moduan lan egiten hasi zen. Baina garai hartako Bilbo handiko langile mugimenduak txundituta, segituan bizkaiko hiriburura leku aldatu zen eta Artiach gaileta fabrikan hasi zen lanean.[2]

Liburua

aldatu

Erreferentziak

aldatu
  1. a b Elustondo, Miel Anjel. «Miren Odriozola, internazionalista: "El Salvadorreko gerrak humanizatu egin ninduen"» Argia (Noiz kontsultatua: 2024-05-23).
  2. a b c d e f Ibarguren Agirre, Leire. (2016). Laura esaten zioten. Txalaparta ISBN 978-84-16350-71-1..
  3. a b Lartzanguren, Edu. (2017-01-08). «Miren Odriozola, ekintzailea: "Gerra batek filosofia guztia aldatzen dizu"» Berria (Noiz kontsultatua: 2024-05-23).
  4. «Miren eta Kontxi Odriozola Uzkudun» Azpeitia 1936-1945 (Noiz kontsultatua: 2024-05-23).

Kanpo estekak

aldatu