Mary MacSwiney

Irlandar politikaria, sufragista, irakaslea

Mary MacSwiney (irlandarrez: Máire Nic Shuibhne) (Londres, 1872ko martxoaren 27a - Cork, 1942ko martxoaren 8a) ekintzaile independentista, emakume politikari errepublikar irlandarra eta feminista zen. Hiru aldiz hautatu zuten diputatu, eta Sinn Féineko lehendakariorde izan zen, baita irakasle ere.[1]

Mary MacSwiney


Teachta Dála

1923ko irailaren 19a - 1927ko maiatzaren 20a
Barrutia: Cork Borough (en) Itzuli
Hautetsia: 1923ko Irlandako hauteskunde orokorrak

Teachta Dála

1922ko irailaren 9a - 1923ko abuztuaren 9a
Barrutia: Cork Borough (en) Itzuli
Hautetsia: 1922ko Irlandako hauteskunde orokorrak

Teachta Dála

1921eko abuztuaren 16a - 1922ko ekainaren 8a
Barrutia: Cork Borough (en) Itzuli
Hautetsia: 1921eko Irlandako Hauteskunde Orokorrak
Bizitza
JaiotzaLondres1872ko martxoaren 27a
Herrialdea Irlandako Errepublika
Irlandako Estatu Askea
Irlandar Errepublika
 Britainia Handia eta Irlandako Erresuma Batua
HeriotzaCork1942ko martxoaren 8a (69 urte)
Familia
Anai-arrebak
Hezkuntza
HeziketaSt. Angela's College, Cork (en) Itzuli
Hizkuntzakingelesa
Jarduerak
Jarduerakpolitikaria
Sinesmenak eta ideologia
ErlijioaErromatar Eliza Katolikoa

Oso ezaguna egin zen Terence MacSwiney anaiak, orduan Corkeko alkate zenak, Irlandako politika britainiarraren aurka protesta egiteko gose-greba egin zuenean, Mary MacSwineyk, Muriel MacSwiney koinatuarekin batera, anaia zaindu baitzuen eta haren borrokaren bozeramaile bihurtu baitzen. Terence MacSwiney 1920ko urrian hil zen, eta Mary MacSwiney haren herentziaren zaindari ofizioso gisa jarduten hasi zen.

Irlandako kausa errepublikarraren abokatu sutsu bihurtu zen. 1921ean abiatu zen Estatu Batuetara, bere koinatarekin, mugimendu independentista irlandarraren aldeko zazpi hilabeteko sentsibilizazio-kanpaina batean. Dáil Eireann Irlandar Parlamentuan hautatu zuten Irlandaren independentzia-gerra garaian. Anglo-irlandar Itunari buruzko eztabaidetan, Mary MacSwiney britainiarren eta irlandarren arteko bake-akordioarren aurkako gogorrenetako bat zen. Osteko Irlandako Gerra Zibilean, itunaren aurkako IRAri lagundu zion, kartzelan egon zen, eta bi gose-grebatan parte hartu zuen.

1926an Sinn Féin eta Fianna Fáil banandu ondoren, 1927an, Sinn Féineko lehendakariorde bihurtu zen.[2] Sinn Féin eta muturreko errepublikanoak gero eta isolatuago zeuden politikoki zatiketa osteko hamarkadan, baina Mary MacSwineyk IRAk erabilitako indarkeria onartzen zuen. Bizitzaren amaiera aldera, ofizialki onartu zuen IRAren zuzendaritza Bigarren Mundu Gerran, Seán Russell-en pean, zeinak S-Plana eraman baitzuen aurrera, Ipar Irlandan eta Ingalaterran bonbak jartzeko eta sabotajeak egiteko kanpaina (1938-1939).

Biografia aldatu

Mary MacSwiney Londresen jaio zen. Aita irlandarra zuen, eta ama ingelesa. Sei urte zituela itzuli zen Irlandara familiarekin, eta Corkeko St Angela's Schoolera joan zen ikastera. Aita nazionalista irlandar sutsua zen, eta balio horiek seme-alaba guztiei transmititu zizkien, Mary alabari barne.[3]

Haurtzaroan, hankan izan zuen infekzio larri bat tarteko, hanka bat galdu zuen, moztu egin behar izan zioten. Hori zela eta, atzerapena izan zuen heziketan.[3]

Irakasle aldatu

20 urte zituela, irakasle postu bat lortu zuen Ingalaterrako eskola pribatu batean. Irlandako Students' Aid Societyk (Ikasleen Laguntzarako Elkartea) mailegu bat eman zion, eta Cambridgeko Unibertsitatean ikasi zuen, normalean gizonentzat erreserbatua zena. Ingelesa irakasten zuen serorek atxikitzen zituzten eskoletan, Hillseden Farnborough-etik gertu, eta, gero, Ventnor-en, Wight uhartean.[4][3] Maryk serora izatea aurreikusten zuen, eta urtebeteko nobizioa hasi zuen San Benitoko Oblatutarrenean, Ventnorren.[5]

1904an bere ama hil ondoren, Corkera itzuli zen bere familiako anai-arreba gazteenak zaintzeko, eta St. Angela's-eko eskolan irakasle-postu bat hartu zuen.[3][4]

Emakumeen boto-eskubidearen aldeko aktibismoa eta Errepublika aldatu

Mary MacSwineyk Munsterreko Emakumeen Frankizien Ligako lehen bileran parte hartu zuen, eta Ligako batzordeko kide bihurtu zen. Gainerako kideei aurka egiten zien Irlandako emakumeen sufragioari dagokionez, eta haien iritzi nazionalistek gaitzitu egiten zituzten.[4]

Terence MacSwiney anaia gazteak eragin handia izan zuen berarengan, eta Liga Gaelikoan eta Inghinidhe na hÉireann elkarte feminista irlandar erradikalean sartu zen.[3]

Terence anaiak eta Tomás MacCurtainek Irish Volunteersen adar bat sortu zuten Corken, eta, ondoren, Maryk, 1914an, Cumann na mBanen adar bat sortu zuen hiri berean; erabaki horrek Munster Women's Franc League uztera eraman zuen. Urte beraren amaieran, Mary MacSwineyk britainiarren nagusitasuna salatu zuen konbentzio orokorrean, 1914ko azaroan.[6]

1916ko Pazko matxinadan, nahasmen handia zegoen Corken, ordena kontraesankorrak zirela eta, boluntarioak mobilizatu behar ziren ala ez jakiteko. Terence MacSwiney eta beste boluntario batzuk hiriko Bolunteers Hall-era joan ziren, eta han atxilotu zituzten agintari britainiarrek. Mary MacSwineyk, zeinak mezuak zabaldu zizkien boluntarioei, St Angelan irakasteari ekin nahi zion berriz, baina, handik gutxira, atxilotu egin zuten klasea ematen ari zela.[7] Ondorioz, maistra-postutik bidali zuten, bere jarduera errepublikanoak zirela eta. Handik hilabete batzuetara, kartzelatik atera zenean, Scoil Íte eskola birsortu zuen Annie ahizparekin, Patrick Pearsen eskolari lotutako eskolabat, Gaelscoil bat. Bertan inplikatu zen bere bizitza osoan, ordutik aurrera.[3]

1917an. Mary MacSwiney berrantolatutako Cumann na mBaneko bulego exekutibo nazionalerako hautatu zuten. Hautaketa horrek bere eragin gero eta handiagoa markatu zuen mugimendu errepublikanoaren emakume-adarrean.[3]

Terence MacSwineyren heriotza, Mary diputatu aldatu

Terence MacSwiney 1920an hil zen gose-greba baten ondotik, Irlandako errepublikanoak gaizki tratatzearen aurka egindako gose-greba

1920ko udan, kartzelan zeuden hainbat errepublikar irlandarrek gose-grebari ekin zioten, besteak beste, Corkeko alkate Terence MacSwineyk, Maryren anaiak. Gobernu britainiarrak grebalarien aldarrikapenei amore ez ematea erabaki zuen, Irlandan iraultza orokorra eragingo ote zuen beldur. Terence MacSwiney abuztuaren 12an hasi zen gose-greban. Greba hori berehala bihurtu zen nazioarteko kausa ezagun, eta mundu osoan erreportajeak egin zituzten. Azkenik, Terence MacSwiney 1920ko urriaren 25ean hil zen. Martiritzat jo zuen mugimendu nazionalista irlandar berrindartuak.[3]

Terence MacSwineyk greba egin zuen garaian, Mary eta Annie ahizpek eta Muriel emazteak zaindu zuten, egunero bisitatzen zuten, eta militante errepublikano gisa zeregin handiagoa hartzera eramanak izan ziren. Hirurak oso traumatizatuta egon ziren Terenceren heriotzagatik, eta, gero, errepublikanismo irlandarraren muturreko bihurtu ziren. Mary zen, agian, muturrekoena.[3]

Mary (ezkerrean) eta Muriel MacSwiney Estatu Batuetan 1920an egindako kanpaina batean

Terence hil ondoren, Mary eta Muriel MacSwiney Estatu Batuetan zazpi hilabeteko biran abiatu ziren, Estatu Batuetako jendea Irlandako auziaren inguruan sentsibilizatzeko. Bira hartan, Irlandako baldintzen lekukotza eman zuen Washingtonen, Amerikako Batzordearen aurrean.[3]

1921eko Irlandako Hauteskunde Orokorretan, Mary MacSwiney Dáil Éireann Irlandar Parlamenturako hautatu zuten Sinn Féinetik, Cork Borough barrutian, bere anaia Terencen tokia hartuz. Halaber, beste anaia bat, Seán, Corkeko beste barruti batean aukeratu zuten Dáilerako.[8][3]

Anglo-irlandar Itunaren aurka aldatu

1921earen amaieran, irlandarrek eta britainiarrek bake-baldintzei buruzko elkarrizketak hasi zituzten Londresen. 1921eko urrian, bigarren ordezkaritza bat Londresera bidali behar izan zuten, Michael Collins barne. Mary MacSwiney aurka zegoen, zalantzarik gabe, eta Éamon de Valerari eskatu zion irteten uzteko. Éamon de Valerak uko egin zion, "muturrekoegia" zela iritzita.

Anglo-irlandar Ituna sinatu ondoren, Mary MacSwineyk argi eta garbi adierazi zuen, Dáil Éireann-en baitan 1921eko abendutik 1922ko urtarrilera bitartean izandako eztabaidetan, erabat kontra zegoela, eta adierazi zuen nahiago zuela gerra berriz hasi.

«Gai hau honela aurkeztu zaigu: ituna ala gerra. Orain diot, baldin eta gerra bada, pozik eta atseginez egingo dudala, ez zoriak bultzatuta, pozik baizik, ohartzen bainaiz badirela gerra baino gaitz okerragoak, eta ezein garaipen fisikok ezin duela errendizio espirituala konpentsatu.»

1921eko abenduaren 21ean, Mary MacSwineyk Itunaren aurka hitz egin zuen 2 ordu eta 41 minutuz. Eztabaida horiek guztietatik diskurtso luzeena izan zen; ituna alde guztietatik kritikatu zuen. Mary MacSwineyren diskurtsoak diputatu asko haserrarazi zituen, hala nola Arthur Griffith eta Ernest Blythe. Azkenik, diputatuek Ituna onartzearen alde bozkatu zuten: 64 alde eta 57 aurka. Emaitza tamalgarria izan zen Mary MacSwineyrentzat; gero, publikoki onartu zituen Irlandako armada errepublikarrak itunaren aldeko diputatuen aurka egindako indarkeria-mehatxuak.[3]

Irlandako gerra zibila eta gose-grebak aldatu

Ituna onartu zuen Dáil Éireannen bozketa gorabehera, antagonismoak ez ziren apaltzen, eta bortizki agertu ziren Irlandako gerra zibilean: Irlandako armada errepublikarra banatu zen Irlandako Estatu libre berriaren aldeko armada nazional irlandarraren eta haren aurka egin zuen IRA Anti-Itunaren artean. Mary MacSwineyk Itunaren aurkako IRAri lagundu zion.[3]

1922ko azaroko gose-greba aldatu

Mary MacSwiney Nell Ryanen (etxe seguru bat) etxean atxilotu zuten 1922ko azaroaren 4an, estatu libreko soldaduek etxea erregistratu ondoren. Mountjoy espetxean kartzelaratu zuten. Berehala hasi zuen gose-greba. Cumann na mBanek zaintzak antolatu zituen kartzelaren inguruan, Mary MacSwiney eta beste preso batzuk atxilotu izanagatik protesta egiteko. 1922ko abuztuan, Women's Prisoner's Defence League sortu zen, beren eskubideak babesteko. Gose-greban, ez zituen medikuen bisitak onartu. Ez zuen hetsi heriotzaren aurrean; atxilotuek “Mountjoyren mezua” sinatu zuten elkarrekin. Bere egoera kritikoa izanik, gaixoen oliadura jaso zuen, apaiz katoliko batek emana. Gobernuak ez zuenez nahi grebalariak hiltzea, askatu egin zuten.[3]

1923ko apirileko gose-greba aldatu

Liam Lynchen hiletara joan zenean, berriz atxikotu zuten. Ondoren, Kathleen O'Callaghanekin eraman zuten Kilmainham Gaolera. 1923ko apirilean, beste gose-greba bati ekin zion.[3] 19 eguneko gose-greba egin ondoren, 1923ko apirilaren 30ean askatu behar zuten, baina Kathleen O'Callaghan bakarrik askatu zuten, gobernadoreak bertan behera utzi baitzuen Mary MacSwiney askatzeko erabakia. Gose-greban zeuden emakume gehienak North Dublin Unionera bidali zituzten.[9]

1923ko Irlandako hauteskunde orokorretan, bere aulkiari eutsi zion, baina, Sinn Féineko beste kide batzuek bezala, ez zuen Parlamentuan sartu nahi izan.[3]

Sinn Féinek bere urteroko Ard Fheis ospatu zuen 1926ko martxoan; eguneko gaiordenako gai nagusia zen alderdiak Dáil-en zilegitasuna onartu eta hartan sartu behar ote zuen. Éamon de Valerak uste zuen abstentzionismoa ez zela taktika bideragarria, eta orduan onartu zuen Dáil gobernu hautatua izateko beharrizana. Beraz, mozio bat proposatu zuen Estatu Librearen Konstituzioa onartzeko, hargatik eragotzi gabe leialtasun-zina bertan behera uztea, baina mozio hori ez zuten onartu: 218 alde eta 223 aurka. Mary MacSwineyk oso aurka agertu zen.[10] Éamon de Valerak berehala dimititu zuen alderditik, eta utzi egin zuen Sinn Féineko gehiengo handiaren sostenguarekin, eta berehala alderdi errepublikar irlandar berri bat sortu zuen: Fianna Fáil. Eszisioaren ondoren, Mary MacSwiney Sinn Féineko lehendakariorde bihurtu zen.Ez zuen uste izan Amón de Valerak alderdia utziko zuenik, bere mozioaren aurkako botoa onartuko zuelakoan. Oso mingostuta, Amón de Valerak alde egin izana gaitzetsi zuen Maryk.[3]

1927ko ekaineko hauteskunde orokorretan, Mary MacSwineyk aulkia galdu zuen Dáil-en, Sinn Féineko gainerako diputatu guztiek bezala, alderdi hori Fianna Fáilek erabat eklipsatu baitzuen.[8] Urte berean, bigarren hautaketa orokorra egin zenean, Sinn Féinek ez zuen aukerarik izan alderdi aurkariaren nagusitasuna inpugnatzeko, haren funtsak erabat agortuta baitzueden.[3] Mary MacSwineyk hauteskundeak boikotatzera deitu zuen orduan, esanez "benetako herritar irlandarrek ezin dutela beste alderdietako baten alde bozkatu".[11]

Mary MacSwineyk ahaleginak egiten jarraitzen zuen alderdia suspertzeko, baina Cumann na nGaedhealek 1932ko hauteskundeak galdu zituenean, uste zuen lehenago hartutako muturreko oposizio-jarrera ez zela hain justifikatua. Hala ere, alde errepublikano irmoaren banantzeak aurrera jarraitu zuen: bere kideak ere ezkerrerantz lerratu ziren, eta bera horren aurka zegoen. Hurrengo urtean, Mary MacSwineyk Cumann na mBan utzi eta Mná na Poblachta sortu zuen. 1934an, Sinn Féinetik dimisioa eman zuen Michael O'Flanagan apaiza presidente hautatu zutenean; haren zilegitasuna inpugnatu zuen, Estatu Libreko funtzionarioa baitzen.[3]

IRAri eta indarkeria-ekintzari laguntza berritua aldatu

1936an, IRAk 72 urteko Boyle Somerville erretiratutako lehendakariorde britainiarra eta John Egan ustezko informatzailea hil zituen. Emamon de Valerak zalantzarik gabe gaitzetsi zituen hilketok, baina Mary MacSwiney itzulinguruka aritu zen, hau esanez: "IRAk gizon bat hil badu, espioi gisa hil du". Kasu horrek Fianna Fáilari ematen zion babes apurra kentzera eta errepublikanismo militante bortitzari laguntzera bultzatu zuen. Seán Russell hautatu berri zen IRAko estatuburu nagusia 2. Dáil-eko kide errepublikano izandakoekin harremanetan jarri zen bere jarrera legitimatzen laguntzeko, eta Mary MacSwineyk erantzun eta lagundu egin zion. 1938ko abenduan, berak eta beste sei kidek bat egin zuten IRAren Armadako Kontseiluan “Irlandako gobernu legitimoa” izan zitekeenarekin. Sean Russellek legitimitate berri hori erabili zuen Ingalaterrari “gerra deklaratzeko” eta “S-Plana” abiarazteko, Ipar Irlandako eta Ingalaterrako bonbardaketa-kanpaina bat, Bigarren Mundu Gerraren hasieran IRAk burutua.[12][3]

Mary MacSwineyk bihotzekoa izan zuen 1939an, eta, ondorioz, 1942ko martxoaren 8an zendu zen, 69 urte zituela. Éamon de Valerak hiletetara bertaratzea proposatu zuen, baina Annie ahizpak kategorikoki uko egin zion.[3]

Britainia Handiko armadaren informazio-espedientea Mary McSwineyri buruz

Bizitza pribatua aldatu

1923an, Terence MacSwineyren alargunak, Muriel, Irlanda behin betiko utzi zuen, Itunaren aurkako IRAk Irlandako Gerra Zibila galdu zuelako atsekabetuta. Europa kontinentalean finkatu zen, bere alaba Máirerekin, zeina batik bat Alemanian hazi baitzen. MacSwiney familiarekin gutxi komunikatu ziren, Muriel haiekin liskartuta baitzegoen. Hala ere, 1930eko hamarkadan, Máirek Irlandara itzuli nahi izan zuenk eta Mary MacSwineyrekin harremanetan jarri zen. Maryk zioenez, Terencek, hil baino pixka bat lehenago, Máire Mary eta Murielen zaintza bateratupean utzi zuen. Mary Suitzara joan zen, eta, bertan, barnetegitik ihes egin zuen Máire ezagutu; biak elkarrekin itzuli ziren Irlandara. Mary MacSwineyk Irlandako estatuaren zilegitasuna aitortzeari uko egiten zionez, ez zuen pasaporterikn eta Éamon de Valerak ziurtatu behar izan zuen Maryk pasaporte berezi bat jaso zuela bidaiatu ahal izateko.[3]

Máire Irlandara itzuli zela jakitean, bere ama Murielek legezko borroka gogorra hasi zuen. Irlandar justiziak erabaki zuen Murielen Europako bizitza kaotikoegia zela Máirerentzat, eta Máirek Irlandan egon behar zuela izeba Maryrekin.[13]

Máirek Mary MacSwiney-k sortutako Scoil Íte-n amaitu zituen ikasketak; ondoren, han jarraitu zuen, irakasle lanetan.[14] Haren eskola, hezkuntza-aurrerapenak eta feminismoa aurrerakoitzat hartu izan dira.[3]

Erreferentziak aldatu

  1. «Mary MacSwiney» Oireachtas Members Database.
  2. The Times, "Southern Irish Elections", 6 June 1927.
  3. a b c d e f g h i j k l m n o p q r s t u v w Murphy, Brian. «MacSwiney, Mary» Dictionary of Irish Biography.
  4. a b c Maria Luddy: "MacSwiney, Mary Margaret (1872–1942)", in: Oxford Dictionary of National Biography (Oxford University Press, 2004).
  5. Sheila Ó Murchú. Cork Cumann na mBan 100 years Anniversary Commemoration - Mary MacSwiney. ..
  6. McCoole 2003, 30 orr. .
  7. Letter from Gen. Maxwell to the Secretary of War, 30 May 1916. Class WO141/19/, PRO, (TNA).
  8. a b «Mary MacSwiney» ElectionsIreland.org.
  9. Lily O'Brennan Diary, 1 May 1923, O'Brennan Papers, UCDAD, P13/1.
  10. The Times, "Irish Republican Split: Search For Basis of Cooperation", 13 March 1926.
  11. The Times, "Mr. Cosgrave and the Oath", 30 August 1927.
  12. Murphy, Brian. «Mary MacSwiney» UCD (UCD).
  13. «Hunger striker's daughter whose German link led to 'dual identity'» The Irish Times 2013-03-21..
  14. «Mary MacSwiney» Oxford Biography Index (Dictionary of National Biography).

Bibliografia aldatu

  • Charlotte H. Fallon, Soul of Fire : Une biographie de Mary MacSwiney, Cork, Mercier Press, 1986.
  • (en) Sinéad McCoole, No Ordinary Women: Irish Female Activists in the Revolutionary Years, 1900–1923, Madison, WI, The University of Wisconsin Press, 2003.

Kanpo estekak aldatu