Ugatz (hegaztia)

Sai arrearen antzeko tamainakoa, baina lirainagoa den eta erronbo-formako isatsa duen hegazti falkoniformea. Haratustelez eta animalia biziez elikatzen da.
Beste esanahi batzuen berri izateko, ikus: «Ugatz (argipena)»

Ugatza (Gypaetus barbatus) aegypiinae subfamiliako hegazti harraparia da, Gypaetus generoko bakarra. Hegoaldeko Europako, Afrikako, Indiako eta Tibeteko mendi altuenetan bizi da. Arrautza bi erruten dituzte negu erdian. Beste saiak bezala, sarraskijalea da, gehienetan haratustelak baino ez jaten dituena.

Ugatz (hegaztia)
Iraute egoera

Ia galzorian  (IUCN 3.1)
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaAnimalia
FilumaChordata
KlaseaAves
OrdenaAccipitriformes
FamiliaAccipitridae
GeneroaGypaetus (en) Gypaetus
Espeziea Gypaetus barbatus
Banaketa mapa
Datu orokorrak
Elikadura iturri nagusiahezur-muina
Masa224 g (pisua jaiotzean)
arra: 4,913 kg (helduen pisua)
emea: 6,175 kg (helduen pisua)
Zabalera2,621 m
Kumaldiaren tamaina1
Errute denbora54 egun

Itxura eder bezain misteriotsukoa, ugatza elezahar ugariren protagonista izan da. Garai batean arrunta izan bazen ere, gaur egun hegazti harrapari urrienetariko bat da Europan; Alpeetan birsartuak izan dira. Gizakiak eragindako biodibertsitatearen atzerakadaren islatzat har daiteke[1]. Euskal Herrian, Iparraldearen eta Nafarroa Garaiaren ekialdean baino ez da umatzen, baina haren hegaldi luzeetan beste eskualde batzuetan ere ikus daiteke, Gipuzkoako Aralarren, esate baterako.

Deskribapena aldatu

Lehendabizikoz, Linnaeusek deskribatu zuen 1758ko Systema naturae bere liburuan, Vultur barbatus izen binomiala emanik.[2]

Ugatza saien artean handiena da (3 metroko hego-zabalera eta 6 kilogramoko pisua dute batzuek).[3] Hego luze zorrotzei eta erronbo itxurako isatsari erreparatuz gero, hegan egiten duenean erraz identifika daiteke. Bi ezaugarriok poliki eta maniobratzeko gaitasun handiz hegan egitea ahalbidetzen diote, eta horrek ugatzari bizi den haitz labarretan mugitzea errazten dio.[4]

Gainerako saiek ez bezala, ugatzek gorputz osoa lumaz estalita dute:[5] hegoak eta isatsa beltzak, eta burua eta sabelaldea, laranjak. Izan ere, burdin eta kareharrietan aberatsak diren erreketan bustitzean lumetan oxidazio prozesua gertatzen da,[6][7] eta hainbat autorek portaera hori estrategia kriptikotzat hartzen dute. Gainera, espezie barneko lehian ezaugarri gainartzailetzat ere uler daiteke eta, horrela, status desberdineko aleen arteko elkarrekintza saihesten da.[8]

Mokoa oso garatuta dauka, estua eta oso gogorra, eta bertatik begietaraino antifaz beltza luzatzen da. Hain zuzen ere, antifaz horretan, belarri inguruan ager daitezkeen filoluma beltzak barbatus eta meridionalis azpiespezieak bereizteko baliagarriak dira.[9] Halaber, oso begi bereizgarria dauka, iris horia eta esklerotika gorria duena.[3] Gazte, azpiheldu eta helduen arteko lumadiaren sekuentzia nabaria du eta horrek gazteek heldutasun sexuala lortzen duten artean (6 urte), euren adina identifikatzea baliatzen du:[5]

EzaugarriaGaztea (1-3 urte)Azpiheldua (4-6 urte)Heldua (>7 urte)
IrisaMarroitik laranjaraHoriaHoria
BuruaBeltzaZuriaZuria
LepoaBeltzaBeltzaZuria
Estal-lumakMarroi eta zuriaMarroi eta beltzaBeltza

Ugatzaren dimorfismo sexuala ez da oso nabaria, baina emeek gorputz eta moko handiagoak dituzte.[3][4] Gainera, emeak 400 eta 1000 g gehiago pisatzen ohi dutela ikusi da.[9]

Banaketa aldatu

Azpiespezie bi ezagutzen dira:

  • Gypaetus barbatus barbatus, Hegoaldeko Europa eta ipar-ekialdeko Afrika eta Txinako ipar-ekialde eta erdiguneko mendien artean bizi dena.
  • Gypaetus barbatus meridionalis - Afrikako ekialde eta hegoaldean eta Arabiako ipar-mendebaldean bizi dena.

Ugatzaren banaketa potentzialak iparraldeko Asiako, Europako eta iparraldeko Afrikako mendiak hartzen ditu bere baitan.[3] Horietan barbatus subespeziea batik bat Eurasian agertzen da, eta meridionalis, Afrika iparraldean.[10]

Europako banaketari dagokionez, atzerakada nabaria gertatu da azken hamarkadetan eta lehen agertzen zen mendikate nagusietan populazio bakan isolatuetara mugatua geratu da (Alpeak, Balkanak, Karpatoak…).[5] Iberiar penintsulan ere, antzeko bilakaera izan du: garai batean, mendikate nagusietan agertzen zen (Pirinioak, Kantauriar mendikatea, Mendikate Betikoak…) baina, egun, Pirinioetara eta inguruko mendikateetara mugatuta dago.[9] Edonola ere, azken ikerketek Europako populazioaren % 86 Iberiar Penintsulan ugaltzen dela jaso dute.[9]

Euskal Herrian, ugatzak Nafarroa Garaian baino ez ditu habiak egiten (7 bikote 1999an), baina bikoteok berriki sortutakoak direla uste da eta, horren ondorioz, oraindik ez omen dira ugalduko.[11] Gipuzkoan ere sarri ikusi izan da baina badirudi Aralar mendikateko Nafarroa Garaiko aldean habia duen ale bat dela.[12]. Bizkaian, noiz edo noiz, ikusi egin omen da ugatzik Urkiolako natura parkeko mendietan.[13]

Habitata eta bizimodua aldatu

Ugatz bat hegaz.

Ugatza mendiari lotuta dago, eta bertako ekosistema ugaritan ikus daiteke,[5] baina elikatzeko duen modua dela eta, ungulatuak ugari diren landazabalak hobesten ditu, betiere haitz-labarrak gertu badaude. Izan ere, higadurak sortutako erlaitz eta arrakaletan habiak eraikitzen ditu.

Levinsek dionez,[14] habiak jartzeko ekosistema horien beharrak asko mugatzen du ugatza. Hala ere, oso eremu zabalak miatzen dituen espeziea da, elikatzeko animalien bila. Horrela, ugatzaren habitatari buruz hitz egitean, ezinbestekoa da erabiltzen duen eremu totalaz gainera, sarrien erabiltzen dituen eremuak ere zehaztea. Hain zuzen ere, hegaztiak miaketan bidaia luzeak egiten baditu ere, gehienetan eremu txikiagoetara mugatzen da, batez ere ugalketa garaian.

Elikadura aldatu

Ugatzaren elikadura hezurrez osatuta dago batik bat (% 75), baina zenbaitetan haragi soila ere bazkatzen dute.[15] Ale bakoitzak eguneko 300-500 gramo elikagai behar du, eta beharrizanok handitzen dira ugalketa sasoian.[3] Elikagaiak ungulatu ertainetatik (ahuntzak, ardiak, sarrioak…), ugaztun txikietatik eta baztertuta utzitako abelburu hiletatik lortzen dituzte.[16] Hanketako hezur luzeak nahiago dituzte eta 255 mm luze direnak ere irents ditzakete, baina luzeagoak direnean, beren portaera ezaguna aurkezten dute: hezurrok hartu eta malda handiko zona harritsuetara botatzen dituzte, apur daitezen. Gainera, askotan botatako hezur horiek gordailu modura uzten dituzte.[9]

Ugalketa aldatu

Ugatzak bikoteak edota hirukote poliandrikoak (bi ar eta eme bakarra) osatzen ditu eta, taldeok osatu ondoren, hainbat urte behar ditu lehenbiziko errunaldirako.[4] Gero, ostera, 8-9 hilabeteko ugal zikloa daukate, errutea baino dezente lehenago hasten dena, habia eratzearekin batera. Kopulak azaroaren erdialdean hasten dira, baina elikagai urritasunak asko mugatu ditzake.[8] Errunaldia abendua eta otsaila bitartean gertatzen da eta, eme bakoitzak bi arrautza jartzen dituen arren, bakar batek baino ez du aurrera egiten.[3]

Inkubazioak 53-55 egun irauten ditu; bai emeak, bai arrak, biek ere parte hartzen dute. Egunean lauzpabost aldaketa egiten dituzte eta, horrela, tenperatura oso konstante mantentzea lortzen dute.[4]

Ontogenia aldatu

Txitak otsaila eta apirila artean jaiotzen dira. Normalean jarritako bi arrautzetatik txito bakarra jaiotzen bada ere, bi txitak jaioz gero bietako bat gosez hiltzen uzten dela behatu da.[17] Ostera, gatibutzan hazitako aleetan emeak edo anaiak hiltzen du.[3][4] Jaio ondoren, helduek hilabete batez zaintzen dute txita, baina hortik aurrera zaintza asko murrizten da. Garai horretan arrak nahiz emeak elikatzen dute txita (larru, zurda eta hezur zati txikiak ematen dizkiote goizeko lehen orduetan), eta 75 egunetik aurrera txita gai da bere kabuz hezurrez bazkatzeko.[9] Dena dela, gazteak luzaroan izaten dira helduen zaintzapean eta, hegan egiteko gaitasuna lortzen dutenean ere, ez dira habiatik asko urruntzen 96-240 egun igaro arte.[18]

Espezieen arteko elkarrekintzak aldatu

Ugatzak ez du harraparirik, baina bizi den haitz-labarretan lehia handia gertatzen da ugatzaren eta gainontzeko saien artean habiak eraikitzeko txokoak direla eta.[4] Horrek hegaztia beste ingurune batzuetara mugitzera behartu du eta, zenbaitetan, beste harrapari batzuen habiak betetzen ditu, arrano beltzenak (Aquila chrysaetos) kasu.[9]

Kontserbazio egoera aldatu

Ugatzaren mehatxuen artean honakoak aipa daitezke: argindar kableak, legez kanpoko ehiza, ehizarako erabiltzen den pozoia, elikagaien urritzea, ugal garaian lasaitasunik eza, habitataren eraldaketa…[19] Hori dela eta, atzerakada nabaria jasan du azken mendean eta egun Galtzeko Arriskuan izendatuta dago Espainian, bai eta Nafarroa Garaian eta Euskal Autonomia Erkidegoan ere. Nazioartean, ordean, ikerketa gutxi egin dira eta IUCN erakundeak Arrisku Baxuko kategorian sailkatzen du, baina itun askok babesten dute: 79/409/CEE Hegaztien Zuzentarauak eta Berna, Bonn nahiz CITES Hitzarmenek.

Kondairak aldatu

K. a. 456 edo 455ean dortoka bat bota zuen arrano batek Eskilo greziar antzerkigilea hil zuen, haren burusoila harritzat hartu zuenean. Egia izan ala ez izan, litekeena da "arrano" hori ugatza izatea.

1945ean, Shimon Peresek (artean Shimon Persky izena zuena) eta David Ben-Gurionek ugatzen habia aurkitu zuten Negev basamortuan. Hainbeste gustatu zitzaion ezen, hegaztiaren hebreerazko izena peres denez, Shimon Perskyk izen hori bere abizenatzat hartu baitzuen[20]

Iranen (han galtzeko zorian dago), bere mitologiak zoriontasunaren ikurtzat hartzen du ugatza. Hegazti mitologiko horrek huma du izena eta, noizbait, haren lumaren bat norbaiti eroriko balitzaio, subirano bilakatuko litzateke.[21]

Erreferentziak aldatu

  1. «Ugatza hedatzen ari da Euskal Herrian, baina ugalketa programei esker» Argia (Noiz kontsultatua: 2020-09-21).
  2. (Latinez) Linnaeus, C. (1758). Systema naturae per regna tria naturae, secundum classes, ordines, genera, species, cum characteribus, differentiis, synonymis, locis. I. Holmiae. (Laurentii Salvii)., 87 or..
  3. a b c d e f g (Gaztelaniaz) Hiraldo, F.; Delibes, M.; Calderón, J. (1979). El quebrantahuesos (Gypaetus barbatus). Sistemática, taxonomía, biología, distribución y protección. Madril: ICONA.
  4. a b c d e f (Gaztelaniaz) Donázar, J.A.. (1993). Los buitres ibéricos. Biología y conservación. Madril: J. M. Reyero editor.
  5. a b c d (Gaztelaniaz) Longares Aladrén, L.A.. (2003). Zoogeografía ecológica del quebrantahuesos (Gypaetus barbatus) en Aragón. Análisis y valoración de los factores ecogeográficos en relación con la reproducción. www.tesisenred.net.
  6. (Gaztelaniaz) Margalida, A.. (2000). Biología de la reproducción del quebrantahuesos: segunda memoria. Informe preliminar sobre aspectos de la biologia de la reproduccion y la biologia de la especie en Pirineos. Espainiako Ingurumen Ministerioa.
  7. (Ingelesez) Arlettaz, R.; Christe, P.; Surais, P.; Moller, A.. (2002). «Deliberate rusty staining of plumage in the bearded vulture: does function precede art?» Animal behaviour 64 (f1-f3).
  8. a b (Gaztelaniaz) Margalida, A.; García, D.. (2002). Plan de recuperación del quebrantahuesos en Cataluña: biología y conservación. in: Documentos de los cuadernos de medio ambiente. Espainiako Ingurumen Ministerioa.
  9. a b c d e f g (Gaztelaniaz) FCQ. (2002). Plan de recuperación del quebrantahuesos en los sistemas montañosos del noreste de España. Proyecto LIFE NAT/e/005296. Fundación para la Conservación del Quebrantahuesos (FCQ) eta Aragoiko Gobernua.
  10. (Ingelesez) Brown, C. J.. (1991). «Breeding biology of the bearded vulture in southern africa, part III: the post-nestling dependence period» Ostrich (61): 43-49..
  11. (Gaztelaniaz) Heredia, R.; Heredia, B.. (1991). El quebrantahuesos (gypaetus barbatus) en los pirineos. Características ecológicas y biología de la conservación. Madril: ICONA.
  12. (Gaztelaniaz) Vazquez, J.. (1987). «Situación actual de los necrófagos (Gyps fulvus, Neophron percnopterus y Gypaetus barbatus) en Guipúzcoa» Munibe cienc. Nat. (39): 51-57..
  13. urkiola.net "Arriskuan dagoen parkeko fauna"
  14. (Ingelesez) Levins, R.. (1968). Evolution in changing environments: some theoretical considerations. Princeton: Princeton university press.
  15. (Gaztelaniaz) Margalida, A.; García, D.; Heredia, R.. (1997). «Estimación de la disponibilidad trófica para el quebrantahuesos (Gypætus barbatus) en Cataluña (NE de España) en implicaciones sobre su conservación» Doñana Acta Vertebrata (24): 235-234..
  16. (Gaztelaniaz) Lorente, l.. (1996). «Disponibilidad de recursos alimenticios para el quebrantahuesos (Gypætus barbatus) en el Pirineo aragonés» Lucas mallada (8): 109-199..
  17. (Ingelesez) Brown, C. J.. (1988). A study of the bearded vulture Gypaetus barbatus in Southern Africa. Pietermaritzburg: University of Natal.
  18. (Gaztelaniaz) Sunyer, C.. (1990). Inventario de areas de dispersión juvenil y subadulta del quebrantahuesos. Madril: ICONA.
  19. (Gaztelaniaz) Blanco, J.C.; González, J.L.. (1992). Libro rojo de los vertebrados de España. Madril: ICONA.
  20. Marche, Stephen. (2008-6-13). «Flight of Fancy» The New Republic.
  21. (Ingelesez) Pollard, J. R. T.. (1947). The Lammergeyer: Comparative Descriptions in Aristotle and Pliny. Greece & Rome. 16, 23-28 or..

Kanpo estekak aldatu