Espainiako Gobernuaren eta Gorteen egoitza da, baita Administrazio Zentralaren eta Estatuaren erakundeen bilgunea ere. Ekonomian, finantza eta industria gune garrantzitsua da, Espainiako eta nazioarteko enpresa askoren egoitza baita. Espainiari dagokionez, berebiziko garrantzia du kultur arloan, bertan baitaude Pradoko Museoa, Thyssen-Bornemisza eta Reina Sofía museoak.[6]
Hidrografikoki, Tajoaren arroan dago. Hiriko ibai nagusia Manzanares da, El Pardo inguruan izen bereko urtegian Madrilen sartzen dena. Ibai horren zenbait ibai-adarrek ere hiria zeharkatzen dute, Meaques edo Leganitos tartean. Gainera, Jaramaren ibai-adar Moraleja, De la Vega, Valdelamasa edo Viñuelas errekek edo Guadarramaren ibai-adar Cedrón errekak udalerria ere zeharkatzen dute.
Madrilgo klimak klima kontinental eta klima mediterraneo nahasten ditu, hiriko ezaugarrien eragina jasan ondoren. Bataz besteko tenperatura 14,5 °C-koa da.
Neguak hotzak dira, bataz besteko tenperatura 4-5 °C-koa, sarritan izozteak dituztenak. Udak, berriz, beroak dira eta bataz besteko tenperatura 24 °C-koa izanik, nahiz eta batzutan 35 °C-koak baino altuagoak ere izan. Oszilazio termikoa handiagoa da periferian erdialdean baino, gizakien eragina zela eta. Urtean 400 mm-ko baino prezipitazio handiagoak dituzte, ekainetik irailera hilabete lehorragoak izanik.[7]
Hiriaren jatorria zehatzeke dago, hilobi bisigodoak eta aurreerromatar aztarnategiak (zeltar carpetani) topatu dituztelako. Madrilgo hiria musulmanek sortu zuten IX. mendean (arabieraz: مجريط Maǧrīţ), Matrice izeneko vicus bisigodoa zegoen tokian.[10][11]Mohamed I.a emirrak ibaiaren ondoan (egun Madrilgo Errege Jauregia hantxe dago) gotorleku bat eraiki zuen, Guadarramako mendilerroa babesteko eta iparraldeko erresumetara zihoazen razziek geltokia izan zezaten.[12] 1023 eta 1030 artean, Maǧrīţ Santaverreko Banu Dhi l-Nun leinuaren eskuetan zegoen, Toledoko taifa gobernatzen zuena.
1083anAlfontso VI.a Leon eta Gaztelakoak hiria konkistatu zuen. 1123an hiribildu izendatu zuten eta kontzeju bilakatu zen (Comunidad de Villa y Tierra). 1188an lehendabizikoz Gaztelako Gorteetan parte hartu zuen eta 1202an Alfontso VIII.ak lehenengo forua eman zion.
1520an Karlos I.a iritsi baino lehen, Gaztelako Komunitateen Gerran, Juan de Zapatak zuzendua komuneroen alde egin zuen[13] baina, Villalarreko gudua eta gero, erregearen gudarosteek hartu zuten. Filipe II.ak aukeratu zuen Gorteen egoitza izateko 1561ean. Orduz geroztik, bere horretan segitu du, 1601. eta 1606. urteen arteko epe laburrean izan ezik, Valladolida aldatu baitzuten orduan hiriburutza. Bestalde, Gerra Zibilean zehar, Espainiako gobernua Valentziara aldatu zen lehenengo, eta Bartzelonara ondoren. Hala ere, gerra bukatu zenean Madrilek hartu zuen berriz lekukoa, eta horrela mantendu da gaur egun arte.
Madrilgo hitzarmenak1616an egin ziren lehen aldiz. Espainiako Karlos V.aren eta Frantziako Frantzisko I.aren arteko hitzarmena izan zen (1616ko urtarrilaren 14). Frantziako erregea Espainiako enperadorearen eskuetan zegoen Madrilen, Paviako borrokaren ondoren. Hitzarmen honen bidez Frantziako erregeak Burgundiako dukerria emango zuela, Italiari eta Flandesko Jaurgoari buruz zituen asmoak baztertuko zituela eta Leonorrekin, Karlos V.aren arrebarekin, ezkonduko zela agindu zuen. Hala ere, askatu zutenean ez zituen akordioak onartu eta hitzarmena indarrik gabe geratu zen.
Madrilgo bigarren hitzarmenak 1621ean egin ziren. Espainiako Gortearen eta Frantziako eta Vatikanoko ordezkarien artean sinatutako akordioa. Hitzarmen horren bidez Grisoietako Errepublika Valtelina izenekoaz jabetu zen berriro (1621eko apirilaren 26). Ez zen bete hitzarmen honetan erabakitakoa.
Hiriburu bilakatu zenetik, Madrilgo biztanleriak hasi eta hasi egin du eta 1625ean harresiak bota zituzten, jadanik gaindituak zituztelako. Espainiako Ondorengotza GerranFilipe V.aren hiriburua izan zen eta, austriarren aldekoek bitan hartu zuten, 1706an eta 1710ean hain zuzen ere.[14]
1721ean, Madrilgo azken hitzarmena gertatu zen. Espainiaren, Frantziaren eta Ingalaterraren artean egindako hitzarmena, Utrecht, Baden eta Londreseko hitzarmenak bateratzen zituena. Hitzarmen honen asmoa Espainiaren eta Erresuma Batuko Inperioaren arteko arazoak konpontzea zen.
Borboitarrek artisautza babestu zuten, XIX. mendearen erditik aurrera industria bilakatu eta Espainiako ekonomiaren eragile bihurtu zen (kimika, metalurgia, elektronika, farmazeutikoa). Hala ere, XX. mendearen hasieran Madril hiri modernoarena baino herri txikiaren irudia zuen. Lehenengo herenean biztanleria bikoiztu eta 950.000 biztanle izatera ailegatu zen. Las Ventas, Tetuán edo El Carmen bezalako aldiri berriak langileen etxeez bete ziren, erdi-mailako klaserakozabalgune bat eraiki zuten bitartean.[15]
Madrilgo biztanleriak gorakada nabarmena izan du hiriburu izendatu zutenetik. Hazkunde horrek izandako garairik aipagarriena 1940. eta 1970. urte bitartekoa izan zen, barne-immigrazioaren gorakadaren ondorioz. 1970eko hamarkadaren ondoren, ordea, hazkunde horrek behera egin zuen, biztanleria jaisten ere hasi zela, baina 1995. urteaz geroztik berriro ere hazten ari da, oraingo honetan kanpo-immigrazioaren ondorioz.
Datu publikoen arabera, 3.155.359 biztanle zituen hiriak 2005ekouztailaren 1ean eta 2001ean, berriz, 2.938.723 zituen.
2004. urtean 32.851 jaiotza izan ziren hirian, aurreko urtean baino gehiago. Azken urteotan jaiotza kopuruak joera gorakor etengabea izan du, jaiotza tasa 10,38ra iritsi da.
2004. urtean 26.527 heriotza izan ziren hirian, 2003an baino gehixeago, baina 2000, 2001 eta 2002an baino gutxiago. Heriotza tasa 8,38koa da, azken urteetan baino baxuagoa.
Espainiako hiriburua izanda, Madrila Penintsulako leku guztietatik ailegatu ziren, tartean euskaldun asko. Euskaldunek Madrilgo Euskal Etxea eratu zuten, Jovellanos kalearen 3.ean dagoena.[18]
Espainiarrek biztanleriaren % 83,8a osatzen dute, latinamerikarrak, 2007an europarrak, asiarrak, iparamerikarrak eta afrikarrak % 16,2a izanik.[19]
Madrilgo Udalak zuzentzen du hiria. Udaleko arduradunak lau urtean behin aukeratzen dira, 18 urtetik gorako biztanle guztien botoekin. 2015tik hona, Manuela Carmena izan da hiriburuko alkate.
Hiria 21 barrutitan dago zatituta, eta horiek auzoetan antolatuta daude. Barruti bakoitza "Barrutiko Udal Batzordea" deituriko organoak administratzen du, hiritarren parte-hartzea bideratzea helburu duena. Madrilen azken zatiketa administratiboa 1988koa da, eta honako barruti eta auzo hauetan banatzen du hiria:
Madrilek museo garrantzitsuak ditu, hiriko gune-turistiko nagusiak direnak. Ezagunenak artearen hirukia osatzen duten hiru museoak dira:
Pradoko Museoa: Espainiako margolan museo garrantzitsuena da eta Europako nagusienetarikoa. XX. mende aurreko pinturan espezializatua da, batez ere margolan italiar, espainiar eta flamenkoan. Bertan dauden bilduma inportanteenak Velázquez, Goya, El Greco edo Van der Weyden margolarienak dira. Margoen artean, nabarmenenak Las Meninas, La Fragua de Vulcano, El Descendimiento... edota Bosco-ren El jardín de las delicias aipa daitezke.
Thyssen-Bornemisza Museoa: munduko arte-bilduma pribatu handienetarikoa da. Kronologikoki antolatuta daude bildumok, Pizkundean hasi eta XX. mendean amaituta. Bigarren solairuan, Pizkundea, Klasizismoa eta Quattrocentoan zehar ibilbide bat egiten da bertan, eta Europako margolari garrantzitsuenei dedikatutako galeria bat ere badago. Honako artista hauek lanekin: Tiziano, Tintoretto, El Greco, Durero eta Jan Van Eyck, besteak beste. Beheko solairuan, XX. mendeko artelanak biltzen dira, kubismotikPop Art mugimendura, Picassoren eta bera bezalako beste artista nagusien obrak haien artean.
1980ko hamarkadan mugimendu "kontra-kulturala" sortu zen Espainiako hiriburuan, irratsaio batzuk bultzatuta eta telebistan "La bola de cristal" saioa ikur nagusitzat zeukana. Nacha Pop, Alaska y los Pegamoides, Radio Futura, Los Secretos, Gabinete Caligari, Tequila eta Ramoncín nabarmendu ziren musika arloan, baina mugimenduak zinema, literatura, komikiak eta fanzineak ere barne hartu zituen. Enrique Tierno Galván alkatearen sasoiarekin bat egin zuen, eta honek nolabait mugimendua sostengatu egin zuen.
Austriarrak aginpidean izan ziren garaiaren aurretik ez zen izan Madrilen monumentu edo artelan aipagarririk. Filipe III.ak, Madril hiri handi bihurtzeko asmoz, Plaza Mayor izenekoa eraikitzea agindu zuen (1617an hasia, Gómez de Moraren zuzendaritzapean). Plaza hori lauki zuzena da, eta hiru solairuko etxeek inguratzen dute.
XVIII. mendeko eraikuntzarik azpimarragarriena Palacio Real edo Palacio de Oriente da. G. Sachetti italiar arkitektoak egin zuen, Filipe V.aren aginduz; aipagarriak dira eskailera eta elipse formako oin planoa duen kapera. Beste eraikuntza nagusi bat San Francisco el Grande izeneko eliza da (1784), Goyaren eta Zurbaránen koadroekin.
2003an Madrilgo barne produktu gordina 79.785.000.000 €-koa zen, Espainiako osoko % 10a zena. Sektore ekonomiko nagusia hirugarrena da, hiriko ekonomiaren % 85,09a dena. Honen barruan finantza-zerbitzuak (BPGren % 31,91a) eta merkatal-zerbitzuak (BPGren % 31,84a) nagusiak dira. Industriak % 8,96a eta eraikuntzak %5,93a osatzen dute. Nekazaritza, berriz, hondarrekoa da, apenas BPGren % 0,03a izanik.
Madril Espainiako enpresa-gunerik inportanteena da: 2008an, Espainiako 2.000 enpresa handienen % 72ak Madrilen zuen bere egoitza.[27] Egun, Espainiako 5.000 enpresa nagusien diru-sarreren % 50,1a Madrilen egoitza duten enpresak izaten dituzte, nahiz eta % 31,8a baino ez direlako.[28]
Madrilgo hiriak, gainera, inguratzen dituen errepideak ere baditu. Hauek hiriko eta gune metropolitarreko leku ezberdinen artean garraiatzea ahalbidetzen dute, hiri barrutik pasatu beharrik gabe.
Metro-sarea 226.729 km luze da, eta 13 lineak osatzen dute (12 linea + adar bat). Horietatik bederatzi, Madrilgo udalerrian bertan daude osorik; hiru, udalerritik kanpo ibiltzen dira zati batean; eta beste linea bat osorik dabil Madrilgo hiritik kanpo. 238 geltoki ditu metroak, eta horien artean 151 dira bakunak, 26 bikoitzak, 10 hirukoitzak, eta bat laukoitza (Avenida de América). Horrez gain, hiru tranbia linea ditu, Metro Ligero (metro arina) izenekoak, bai eta Renfe Aldirikoak zerbitzuarekin lotunea duten 19 geraleku ere.
2000ko ekainean, Metro Sur izeneko linea jarri zen abian. Linea horren helburua da Madril hiria eta erkidegoko hegoaldeko hiriak lotzea. Ibilbide zirkularra du, Móstoles, Leganés, Fuenlabrada edota Getafe udalerriak haien artean eta hiriburuarekin batera lotzeko. Milioi bat biztanleri eskaintzen die zerbitzu eraginkor, arin eta ekologikoa Metro Surrek.
Datozen urteotan, Madrilgo metroa izugarri handitzeko asmoa dago, hiriburuko biztanle guztiek etxetik hurbil metro-geltokia izan dezaten.
Hiri barruko autobusen kudeaketaz CTM eta EMT arduratzen dira, guztira 2.000 auto eta 194 linea dituelarik. Ibilbide luzeko autobusentzako geltokirik garrantzitsuenak Avenida de America eta Mendez Alvarokoa dira.
Madrilgo aireportu nagusia Madril-Barajas aireportua da (IATA: MAD, OACI: LEMD), hiriaren ipar-ekialdean dagoena, erdialdetik 12 kilometrora. 1928an hasi zen zerbitzua eskaintzen, ofizialki 1931n inauguratu zen arren.
Bigarren mailako aireportu bat ere badu Madrilek, Cuatro Vientoskoa, nagusiki erabilera militarra duena.
Madril Iberoamerikako Hiriburu Hirien Batasunaren (gaztelaniaz: Unión de Ciudades Capitales Iberoamericanas – UCCI) (portugesez: União de Cidades Capitais Ibero-americanas) partaide da, 1982ko urriaren 12tik, jarraian agertzen diren hiriekin senidetarsun erlazioak hasiz: [35]